Zer da

Pausso haur eta gazteekin indarkeria sexistaren prebentzioa lantzeko ekimen bat da. Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2019. urtean, Aurrekontu Irekiak ekimena jarri zuen abian, Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzaren eskutik.

Pausso ekimena gauzatzea erronka handia izan da, Covid-19aren izurritearen erdigunean, 2020 urteak izan dituen gora-behera guztiak kontuan izanda. Halere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoaren gidaritzapean, eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako Zuzendaritza eta Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritzaren elkarlanarekin, Pausso ekimena garatu da.


Paussok eduki egokiak zituela ziurtatzeko, emakume eta gizonen berdintasunean, indarkeria sexistaren prebentzioan eta ikus-entzunezko alorrean adituak diren hainbat pertsonarekin osatu du Aldundiak lan-taldea. Horien jarraibideak kontuan izanda, hauek dira Pausso ekimenaren ezaugarri nabarmenenak:


•    Prebentzio goiztiarra lehenetsi da. Indarkeria sexistaren prebentzio lantzeko nerabeekin lanean aritzea da arruntena, horregatik gazteenentzako edukiak ekoizteko erronka hartu zen: 6-14 adin-tarteko haur eta nerabeak dira Paussoren hartzaileak.


•    Garatze-une ezberdinetara egokitzen diren lau ikus-entzunezko ezberdin gauzatu dira: animaziozko bideo bat, 6-8 adin tarterako; bideo-joko bat, 8-10 adin tarterako; bideo bat, 10-12 adin tarterako; eta mugikorrarentzako aplikazio bat, 12-14 adin tarterako.


•    Ikus-entzunezko guztiek haur eta gazteekin lan-dinamikak gauzatzeko tresna bat izan nahi dute.


•    Azkenik, Pausso ekimenak, indarkeria sexista lantzeko ikuspuntu feminista du oinarri, horrek esan nahi du, indarkeria sexista emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdinkerian kokatzen dela. Beraz, indarkeria sexista prebenitzeko, egitura horiek, rolak eta estereotipoak desikasi egin behar dira eta eredu berriak ikasi.

Eredu berri horiek eraikitzen pausoak emateko abiarazi da Pausso, Gipuzkoako herritar guztien eskura.